Irakurtzen eta idazten ikastea ikasleek eskuratu beharreko oinarrizko konpetentzietako bat da. Hala ere, aisialdiari lotutako irakurketak behera egiten du 14 urtetik aurrera. Hortaz, ezinbestekoa da Lehen Hezkuntzan zehar irakurmena lantzea eta irakurtzeko ohitura finkatzea. Hainbat jardueraren bitartez, ikasleek irakurtzeari buruz duten ikuspegia aldarazi dezakegu: derrigorrezkoa izatetik plazer-iturri izatera.
Motibazioaren garrantzia
Motibazioa barne-egoera bat da, jokabideak zuzendu, eta zenbait jarduera egitera bultzatzen gaituena: labur esanda, ekintzaren eragilea da. Berezkoa edo kanpokoa izan daiteke: batzuetan, egin beharreko lana atsegina edo gustukoa bada, berez sentitzen gara motibatuta; beste batzuetan, aldiz, zerbait hainbeste maite ez dugunean, kanpoko motibazioa behar izaten dugu.
Ikasleek motibaziorik gabe ikas dezakete, baina haien energia-maila, ardura eta ekintzailetasuna txiki-txikiak izango dira. Hori dela eta, irakaslearen helburu nagusietako bat ikastearekiko eta irakurtzearekiko berezko motibazioa sustatzea izan behar da.
Horrekin guztiarekin, azken batean, ikasleek konpetentzia-maila hobetu, eta beste mota bateko trebeziak (informazioa bilatzea, autoerregulatzea...) ere landuko dituzte.
Irakurketa sustatzeko jarduerak
Hona hemen zenbait jarduera, Lehen Hezkuntzako ikasleak motibatu daitezen, eta irakur dezaten:
Ozen irakurtzea
Jarduera honen helburua senideekin liburuak, ipuinak edota aldizkariak ozen irakurtzea da. Irakurritakoaren ulermena indartzeaz gain, lotura emozionala handitzen da, eta arreta, irudimena, ahozko adierazpena eta hizkuntza-gaitasuna lantzen dira.
Lotu irudiak hitzekin
Jarduera hau egiteko, irakasleek edo senideek bi txartel mota prestatuko dituzte. Horietako batzuetan, animalien, landareen, objektuen edota sentimenduen irudiak erantsiko dituzte; besteetan, aldiz, irudien hitzak. Ikasleak hitz bakoitza dagokion irudiarekin lotu beharko du.
Jarduera honen bidez, ikasleek hainbat arlotako eta zeharkako edukiak (ingurumen-hezkuntza eta hezkuntza emozionala) landuko dituzte.
Kantutegia
Taldeka jarrita, ikasleek abesti bat aukeratuko dute. Irakasleak abestiaren letra inprimatu, eta talde adina ahapalditan banatuko du. Talde bakoitzak ahapaldi bat izango du, eta ozen irakurri beharko du. Irakasleak abestia erreproduzitu, eta ikasleek ahapaldiak ordenatuko dituzte, abestia osatzeko. Amaitzeko, irakasleak abestia erreproduzitu, eta ikasleek abestu eta dantzatu egingo dute.
Ariketa honi esker, ikasleek hiztegia aberastu, eta oroimena indartuko dute.
Usoa usoarekin, belea belearekin
Irakurketa sustatzeko jarduera honetan, ikasleek liburu azal bakoitza zer laburpeni dagokion asmatu beharko dute. Jarduera honek sormena eta hainbat eleberri mota irakurtzeko interesa indartuko du.
Jarduera osatzeko, ikasleek istorio edo pasarte bat antzeztu dezakete.
Bidaia-gida
Istorio batzuk fikziozko lekuetan gertatzen dira; beste batzuk, aldiz, benetako hirietan. Ikasleek errealitatean oinarritutako liburuak irakurtzen dituztenean, hiri edo herri horren bidaia-gida prestatu dezakete, lekuaren interesguneak, museoak, jatetxeak eta horrelakoak kontuan hartuz. Horrela, hiri horretara bidaia egiten badute, bidaia-gida erabiltzeko aukera izango dute.
Trailerra
Irakurketa sustatzeko jarduera honek minutu eta erdiko trailerra sortzea proposatzen du. Liburua irakurri eta gero, ikasleek bideoak eta irudiak erabiliko dituzte, irakurritakoa azaltzeko. IKTak erabilgarriak izango dira, irudiak eta bideoak editatzeko hainbat aplikazio baitaude.
Aldatuko dugu istorioaren bukaera?
Istorio bat irakurtzen edo film bat ikusten dutenean, ikasleek, askotan, ez dute amaiera gustuko izaten; jarduera honetan, istorioaren bukaera aldatzeko aukera izango dute. Ikasleek beste amaiera idatziko dute, eta ikaskideei aurkeztuko diete euren proposamena.
Lehen Hezkuntzan zehar hizkuntza-konpetentziak indartzeko proiektuak
Ezagutu ikasgelan hizkuntza-konpetentziak indartzeko proiektu guztiak: irakurritakoaren ulermena, ozen irakurri, idatzizko komunikazioa... Prestatu 4. mailako ikasleak ebaluazio diagnostikoa egiteko!