Germania, Egipto, Bretainia, Hispania, Belgika, Grezia, Italia, India, baita Mesopotamia ere. Hirurogeita sei urte hauetan, Asterix eta Obelix hamabost lurraldetan edo herrialdetan zehar ibili dira, Ideafixekin batera. Oinez, gurdi gainean, dromedarioan, alfonbra hegalarian edo itsasontziz... mundua alde batetik bestera zeharkatu dute, eta urruneko lurrak, hala nola sarmatenak edo piktoenak, bisitatu dituzte.
Bidaia horiek aukera ematen diete gure pertsonaiei tokian tokiko espezialitateak dastatzeko: tea, Bretainian; txerriki basatia, Korsikan; gazta, Helvezian. Halaber, ohitura berriak ikasteko tarterik ere izan dute: petanka, Massilian; edo nomaden dantza Hispanian, besteak beste.
Lusitania: helmuga preziatua
Irakurleak irrikan zeuden gure galiar ospetsuek Lusitania (gaur egungo Portugal) bisitatu zezaten. Fabcaro egileak eta Didier Conrad ilustratzaileak argi zuten unea zela Asterixek eta Obelixek Lusitania ezagut zezaten. Eta azkenik iritsi dira!
Fadoa, bakailaoa eta "saudadea"
Album berrian, Portugaleko elementu bereizgarri guztiak ageri dira: portugaldarren abegikortasuna, herrialdeko sukaldaritza (bakailaoa, nahitaez), zeramika, harriztatutako kaleak, eta, jakina, saudadea: nekez itzul daitekeen malenkonia poetikoa, alegia. Umorea eta abentura uztartuz, egileek omenaldia egin diote Lusitaniako historiari eta Viriato bezalako heroi historikoei. Gainera, ohitura denez, galiarrek etsai berriei aurre egin beharko diete.